Agirrebidea, 2 · 20570 BERGARA  (Gipuzkoa) · Tel.: 943 899 270
ikaslan-gipuzkoa-logo migual-altuna-logo-fp

“eMAkumeak protagonista” jardunaldia: ZTIM arloko emakume ikasle eta irakasleen lana aitortuz

Miguel Altuna Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuan “eMAkumeak protagonista” izeneko jardunaldia ospatu dugu ekainaren 4an, azken urteotan industriaren alorrean genero-oreka bultzatzeko egindako lana balioan jartzeko eta bide horretan protagonistak diren emakumeei eskerrak eta aitortza publiko bat egiteko asmoz.

2015etik hona, emakumeak industria arlora gerturatzeko hainbat ekimen jarri ditugu martxan gure ikastetxean. Urtez urte, lan horrek fruituak ematen ari direla ikusten dugu, eta 2024-2025 ikasturte honetan datuak bereziki esanguratsuak dira: 97 emakume ari dira ZTIM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) arloko ikasketak egiten, hau da, ikasleen ia %20, eta zenbait ziklotan, hala nola fabrikazio mekanikoan, kopurua %26ra iristen da. EAEko batez bestekoa (%13) gainditzen duten datuak dira horiek.
Horrez gain, industria espezialitateetako 22 emakume irakasle ditugu aurten Miguel Altunan. Haiek ere izan dira protagonista ekitaldian: bere garaian bide hau aukeratzeagatik eta gaur egun erreferente eta inspirazio-iturri bihurtzeagatik eskerrak jaso dituzte.

Ekitaldi berezi honetan, hainbat ordezkarik hartu dute parte:

  • Joxu Arana Oregi, Miguel Altunako Lanbide Heziketako Zuzendaria.
  • Miren Elgarresta Larrabide, EMAKUNDEko Zuzendaria.
  • Inge Gorostiaga Luzarraga, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaria, Eusko Jaurlaritza.
  • Ainhoa Lete Zabaleta, Bergarako Udaleko Berdintasun Zinegotzia.
  • Carla Añon Hernandez, ENPRESAREko Zuzendari Exekutiboa.

Ekitaldian adierazi dute emakume horiek egindako hautuak ez direla soilik pertsonalak, baizik eta gizarteari aldaketa positibo bat ekartzen dioten erabaki ausartak. Hainbat emakumek ziklo teknologikoetan izena eman dute birmoldaketa profesionalaren ikuspegitik, euren egoera ekonomiko eta lan-arlokoa hobetzeko helburuarekin, eta horrek sektore teknologikoarekiko ikuspegi baikorra erakusten du. Beste batzuek, berriz, estereotipoei aurre egiteko eta gizartea aldatzeko konpromiso pertsonalarekin egin dute hautua.

Azkenik, ikasleen gogobetetasun datuak ere oso baikorrak dira: emakume ikasleen %90ek dio berriro hautatuko lukeela ibilbide hau, eta beste emakume batzuei gomendatuko liekeela.

Ekitaldia diploma banaketarekin eta talde argazkiarekin borobildu da, une hunkigarri eta adierazgarri bat bilakatuz guztiontzat. ESKERRIK ASKO GUZTIOI!

GOIENAko albistea.