Miguel Altuna guztiz integratua dago Debagoiena eskualdeko industriarekin, eta etengabe dihardu lan-munduak geroz eta gehiago eskatzen dituen langile gaituak eta espezializatuak prestatzeko lanean, heziketa-zikloen, espezializazio-programen eta lanerako prestakuntzaren bidez, besteak beste.
Aipatu bezala, gizartearen garapen- eta enplegu-maila hobetzeko eta ikasleak lan-munduan sartzea errazteko, Miguel Altuna hainbat enpresa eta erakunderekin elkarlanean ari da; horren adierazgarri da 385 hitzarmen baino gehiago sinatuak izatea, berrikuntza-proiektuei, proiektu teknologikoei, finantziazioari, prestakuntzaren balioespenerako lankidetzari, ikasleen lan-praktikei eta ikas-ekinezko prestakuntzari loturikoak, hain zuzen. Halaber, langile eta irakasleak berrikuntza teknologikoan trebatzeari loturikoak ere badira. Hitzarmen horiek bertako eta nazioarteko enpresekin eta enpresa-elkarteekin sinatuak dira —nazioartekoen artean, Herbeheretako (Holanda) enpresa-taldea, Japoniako, AEBko eta Mexikoko enpresak, adibidez—. Lankidetzarako hitzarmen horiek zenbait mailatan egin diren aurretiazko ikerketa eta diagnostikoen fruitu dira.